ORGANI-KOPA OLINPIADA

ORGANI-KOPA OLINPIADA

Apirilaren 26an aurkeztu  zen Tafallan Nafarroako Hondakinen Patzuergoak bultzaturiko ekimena eta Nafarroako 11 mankomunitatek eta 92 udalerrik osatuko duten ekimenaren parte izanen dira gure eskualdeko bi entitateak ere.  

  • LEHIAKETA GURE ESKUALDEAN

ORGANI-KOPA ekimena maiatzaren 3a eta uztailaren 3a bitartean luzatuko da eta bi hilabete hauetan herritarrek bereizten duten hondakin organikoa neurtuko da. Gure eskualdean 2 lehiaketa antolatuko dira, bata Bortzirietako Mankomunitatea osatzen duten 5 herrien artean eta bertzea Baztango Udaleko 15 herrien artean. Entitate bakoitzeko herrien arteko lehia izanen da, beraz.  

  • HELBURUA

Lehiaketaren helburua gai organikoaren bilketa haunditu eta Nafarroako Hondakinen Planak planteaturiko helburuetara hurbiltzea izanen da, eta honekin batera bereiz bildutako hondakin frakzioen kalitatea hobetzea, gure eskualdeko herritarren artean kontzientzia piztea, gai organikoaren bereizketarako ohiturak bultzatzea eta batez ere edukiontzi berdetik hondakin birziklagarriak atera eta honela zabortegietara bideraturiko hondakin kantitatea murriztea. Horregatik, ekimenean aipatu bezala, errefusari gola sartu eta organikoaren aldeko apustua egiten dugu.  

  • IRAUPENA

Ekimena 2 hilabeteetan zehar luzatuko da eta epe honetan Bortzirietako herri bakoitzean kontenedore marroietan bildutako hondakin organikoa neurtuko da eta Baztango kasuan bai auzo konpostaguneetan eta baita dauden kontenedore marroietan bildutakoa ere hartuko da kontutan neurketetarako.  

  • EMAITZAK

Datuak astero publiko eginen dira eta olinpiaden bukaeran biztanleko hondakin organiko gehien biltzea lortu duten herriak izanen dira Sakanako Mankomunitatean eginen den Nafarroa mailako bertze ekitaldi batean saria jasoko dutenak.   Argi dugu parte- hartze hutsarekin eskualdeak eta Nafarroak irabaziko duela, hondakinen kudeaketa egokiak guztioi eragiten digulako, baina kasu honetan lehiatu eta emaitza hoberenak lortzen dituztenek izanen dute ekonomia zirkularrarekin loturiko eta zonalde bakoitzean 5.000€ tan baloraturiko sariak lortzeko aukera.   Aukera bikaina herriaren alde, ingurumenaren alde eta guztion alde ekarpena egiteko! 

#irabaziOrganikoarekin!!