Urtero bezala, azaroan Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ospatzen da. Aurten, Bortzirietako Mankomunitateak, Nafarroako Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoarekin eta eskualdeko ikastetxeekin batera, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu ditu, herritarrak hondakinen sorrera murriztearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
Ricardo Barojaren ikasleek Garbigunea bisitatzera
Ricardo Baroja ikastetxeko ikasleek Alkaiagako industrialdean dagoen Bortzirietako Garbigunea bisitatuko dute. Bertan, zer hondakin mota biltzen diren eta Mankomunitateak horiekin zer kudeaketa egiten duen ikusi ahal izango dute. Gainera, bisitaren ondoren, kantinplora bat jasoko dute, erabilera bakarreko plastikozko botilen hondakinak murriztea sustatzeko.

Plastikorik gabeko astea Toki Ona Institutuan
Berako Toki Ona Institutuak erabilera bakarreko plastikoak murrizteko lan egingo du, ikasleak eta senideak sentsibilizatzeko asmoz. Cristina Enea Fundazioak proposatutako jarduera da, eta hamaiketakoa eramateko bilgarri berrerabilgarriak erabiltzea sustatuko dute.
Muxuko berrerabilgarriak
Nafarroako Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoarekin lankidetzan, maskara berrerabilgarriak banatuko dira Garbigunera hondakinak botatzera joaten diren herritarren artean.
Materia organikoari buruzko jardunaldia
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak antolatuta, Bortzirietako Mankomunitateak materia organikoaren kudeaketari buruzko jardunaldi batean parte hartuko du datorren ostegunean, azaroaren 26an. Bertan, Bortzirietan azken urteetan hartu diren neurriak eta martxan jarri diren zerbitzuak azalduko ditu, baita horiekin mota horretako hondakinen kudeaketan lortu diren lorpenak ere.