Bortzirietako Mankomunitateek, eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean, Hondakinen Prebentzioa lantzeko asmoz hamaiketakoa garraiatzeko Boc’n roll izeneko bildukiak banatu ditu.
Boc’n rollak ikastetxeetan urtero egiten diren Hondakinen inguruko tailerrekin batera banatu dira.
Bortzirietako Mankomunitateak, Nafarroan Hondakinen Prebentziorako hartzen ari diren neurrien baitan, eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoko diru-laguntzarekin, ikastetxeetan sortzen diren plastiko eta aluminiozko paper hondakinak saihesteko Boc’n rollak banatu ditu lehen hezkuntzako 2., 3. eta 4. mailetako ikasleen artean. Kanpainaren helburu nagusia hondakinak sortzearen arazoei buruzko gogoeta eragitea eta ogitartekoa edo hamaiketakoa prestatzerakoan hau kontutan hartzea da. Gure eguneroko ohiturek eragin haundia dute hondakinen sorreran eta horrelako bilduki berrerabilgarriak edo tupperrak erabiltzeko ohitura hartuz gero sortutako hondakin kopurua aunitz murrizten ahal dugu.
Boc’n rolla oihalezko bildukia da, plastikozko geruza eta belkroz egindako itxitura duena, behin eta berriz garbitzen ahal dena. Edozein neurriko hamaiketako edo ogitartekoak biltzeko egokitzen da eta edozein tokira eramaten ahal da: eskolara, plazara, parkera, mendira, hondartzara, etab. Aurten, guztira 300 Boc’n roll inguru banatu dira Bortzirietan. Kolore gorrikoak egin ditugu eta berriki aurkeztu den Jasangarritasunaren Sareko logoa daramate, baita Bortzirietako Mankomunitateko eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoko logoak ere.


Horrelako ekintzek erakusten digute gure egunerokotasunean sortzen ditugun hondakinak aunitz murrizten ahal ditugula, eta akzio txikiekin gainera, daramagun bizimodua aldatu gabe. Gainera, hauek garrantzi handiagoa hartzen dute gure haur eta ikasleekin lantzen ditugunean, orain ingurumenarekiko ohitura jasangarriak hartzea lortzen badugu etorkizunean horrela jokatuko dutelako eta orain guk baino hondakin gutxiago sortuko dituztelako, hauen inpaktua eta sortzen dituzten arazoak gutxituz.
Horregatik, Mankomunitatetik eskatu nahi diegu, bai ikastetxeetako arduradunei baita gurasoei ere, kanpaina honekin laguntzea eta hemendik aitzinera Boc’n rollak erabiltzea
Etxalar, 2018ko martxoarn 19an